XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik Ezkiraren maitasuna sendotu egin zen eta nik uste, hari esker osatu egin zatekeen, haren gaitzepela hain makur izan ez balitz.

Arnasarik hartu ezinik jartzen zanean (azken aldian gero eta sarriago izaten zen) beregana etortzeko eskatzen zidan.

Nire eskua hartu eta bere masailetara eramaten zuen, aringarritzat edo bere ezpainetara, aspertu gabe musukatzeko.

Nik ez nuen sekula ezpainetan laztantzen.

Gure artean itun isil bat zegoen, kutsuari tokirik ez emateko.

Haren poza, baina, nire ezpainen gozoa bere bekokian nabaritzean!

Bere esku zurbil eta argalak, Haizgorriko elurra bezain zuriak luzatu eta bularretikoak ematen zion sensibilitate minberaz samurturik, zotinka besarkatzen ninduen, nire musua bere adats ugarietan lotu nahian.

Sukarraldiak hartzen zuenean, nahas mahas mintzatzen zen.

Zorabioaldi horietan nebaren oroitzapena zantarki jarraikitzen zitzaion, atsedenik eman gabe.

Haren heriotzak batez ere heiagora nigargarriak jaulkierazten zizkion.

Nire izena ere goraki oihukatzen zuen, laguntza eta gordeleku eske.

Ezkirak zidan barne barneko maitasuna amets gaizto haiek erakutsi zidaten bereziki.

Hil baino aste batzuk lehenago, ordurarte bihotz gainean arlosa batek bezala pisu egiten zion isilikakoa kontatu zidan.

Mendaur aldeko haize hozkirriak udako beroa ematzen ari zen arratsalde isiltsu hartan.

Sapailoko barandan ukalondoak jarririk, oskarbiari begira nengoen.

- Arintz - deitu ninduen bere etzatokitik -, zatoz niregana.